Don Pedro Atutxa altzustearra |
Jon Urutxurtu
Gregorio Arrien historialariak adierazten dauanez “abade honeek behar gogorra egin eben erbesteratutako umeen kolonietan, bai erlijio arloan, bai euskararen irakaskuntzan eta baita folklore arloan be. Ganera, hainbat eragozpeneri aurre egin behar izan eutsien, Erresuma Batuko elizaren alde kontserbadoreek —Errepublikaren kontra egozan— ez ebezan ondo ikusten eta”.
Pedro Atutxa Aldekoa (1887-1947) Altzusteko zeanuriztarra Ingalaterrara joan ziran kapilauen burua izan zan eta hasieran Whit irlako Weston Manor kolonian egon zan; geroago, Southampton-en eta ondoren Oxford-en egon zan. Arrienek dinoanez, “izugarrizko lana egin eban, gauza askoz arduratu behar izaten zan eta: langileen ordainketa, andereño eta abadeen ardura, irakasleen eta umeen lekualdatzeak, kolonietako erlijio zerbitzuak, behar barik geratzen ziran pertsonei enplegua bilatzea…” 1939ko maiatzean Leizaola sailburuak Eusko Jaurlaritzako kultura saileko ordezkari Ingalaterran izendatu eban. Arrazoi politikoen ondorioz, 1945era arte egon zan Erresuma Batuan eta urte horretan heldu jakon Gasteizko gotzainaren eskutitza itzuli ahal zala adieraziz. 1947an, Zeanurin, bere herrian, hil zan.
Benito Larrakoetxea (1894-1990), Weston Manor kolonian urte bat baino gitxiago egon eta gero, ia beste urtebete inguru Southamptonen egon zan. 1939an Ameriketara, Argentinara bialdu eben eta 1972an itzuli zan Euskal Herrira, Oiñatira hain zuzen be.
Gabirel Manterola (1890-1977), aste batzuk Clapton-en (Salvation Army) eta Southall-en igaro ondoren, hirurogei euskal neskatik gora egozan Bihotz Santuaren Misiolarien komentura joan zan. Baina kolonia ezbardinetara joan-etorriak egiten ebazan: Hammersmith-era, Abbey Wood-era, Kingston-era, Epping-era… 1947ko abendura arte egon zan Ingalaterran, eta handik Zeanurira itzuli zan.
Juan Cruz Ibargutxi (1883-1969) ubidarrak ehun umetik gora biltzen ebazan Scarborough-eko kolonian egin eban bere beharra Ingalaterran, baina 1938ko urrian Frantziara joan zan La Rochelle-ko Saint-Louis-Rochefort-en bikario moduan behar egiteko, eta han egon zan 1940. urtera arte. Bere herrian, Ubiden, hil zan 1969ko urri lehenengoaren 14an.
No hay comentarios:
Publicar un comentario