"Zer perfekzino behar dau mundu honek, ezpada erruki
gozoa inperfektua dan guztiaganako eta zauritua dan guztiaganako?",
idazten dau Joxe Arregik Deian.
Gogoeta bat da Aste Santuaren inguruan.
Zu zaitut gogoan, anai-arreba zauritua. Eta zu, behar bako
aita edo ama, bere buruaz beste egiteko puntuan dagoana; eta zu, behar bako eta
etorkizun bako gaztea (etorkizun bako gaztea: a zer mundu eta berbeta
errakuntza!). Eta gogoan zaitut zu, haragian eta ariman bortxatua eta mutilatua
izan dan neskea; eta zu, irribarrea ja galduta abandonatua izan dan edadekoa. Gogoan
zaituet zuek be, maitasun guztiak traizionatuak ikusi dozuezanak. Eta gogoan zaitut
zu, ume soldadu gizajoa, bi bider gizajoa; eta zuek be bai, jente gosetua, agintari
handiek egunero asesinatzen dabena kontzientzia txarraren errastu barik, inork
barkamena eskatu barik eta inork erreparazinoa exijitu barik. Itxidazue zuen
malko guztiei mosu emoten, ze lur zauritu honen muin sagraduena dira.
Zu zaitut gogoan, Nazareteko Jesus, Anaia Zauritua. Itxiguzu
gaur alkartzen Jerusalemengo jendetza nahastu horregaz, zu goratzen dabilena
olibondo edo erramu abarrakaz, zu goratzen euren ahots urratuakaz edo euren
isiltasun biluziagaz, zu goratzen euren amorru eutsiagaz edo euren esperantza zalantzatsuagaz.
Hareek euren zauri guztiakaz, eta gu danok geure zauriakaz. Zu, orduan, gaztea
eta indartsua zinan, Jesus. Samurra eta ausarta zinan. Zeure gorputzean eta
zeure ariman astindurik bakoa antzemoten zenduan, baina zauri guztiak egiten
zenduzan zeure. Parabolako samaritar on haren modukoa zinan, ze tenpluko abade
eta lebitarrak, parabola hagaz iraindu zenduzanak, eta eskriba asko, zuk
probokatu zenduzanak, zuri ordea emon guran ebizan.
Zure begiak. Zure begiak oso hurretik begituta eukien guztia:
euren lurretatik kanporatutako baserritarren desesperazinoa, Galileako lagu
oparoko arrantzaleen miseria, jornalarien etsipena herrixketako plazetan
itxaroten, andren umillazinoa, umeen negarra (zer tsunamia ume baten negarra!),
zergen diktadurea, ordaindu ezin diran zorren kargea, leprosoen atsekabea danetik
kanpo, gaixoen mina bide bazterretan. Eta prefektu erromatarraren nagusikeria,
Abade Buruaren harrokeria iluna, lurjabeen diru-gosea, soldaduen abusuak. Eta
ontasun bako justuen gogortasun errukibakoa. Eta animalien odol isuria eta
tenplua sostengatzen eben pobreei ostutako dirua. Halakoa zan zu bizi zinen
mundu ha, gure mundu honen hain antzekoa, eta zure begiek dana ikusi eben,
baita soloen edertasuna be, txorien hegazkadea be eta begien diztirea be.
Zure bihotza. Zure bihotz sentikor eta indartsua, zure bihotz
taupakaria. Poza egoan lekuan, poztu egiten zinan. Sufrimentua egoan lekuan,
sufridu egiten zenduan baina etsipen barik. Ez zeuntsan inori bizkarrik emon,
ez zenduan inoz itzulinguru bat egin bideko zaurituagaz ez topetako. Errukia
izan zeuntsan jende gosetuari, Jerikoko itsuari, leproso lohiari. Eskerrik
asko, Jesus, hareen izenean eta geure izenean! Ez zaitut imajinetan gizon
perfektu modura, baina errukitsua zinan. Eta ez zenduan inoiz bildurrik izan
leprosoek eta pekatariek zu kutsatzeko,
behabada perfektua ez zinalako. Baina zer perfekzino behar dau mundu honek, ezpada
erruki gozoa inperfektua dan guztiaganako eta zauritua dan guztiaganako?
Eskerrik asko, Jesus, izan zinan lakoa izan zinalako!
Zure ezpanak. Zure ezpanak profeta batenak ziran, zure begiek
ez eben isildu euren argiak ikusten eban ezer, ez eben isildu bihotzaren
errukiak agintzen eban ezer. Zure berbak argiz eta suz eginda egozan, zure
begien moduan, baina baita errukiz eta kontsolamenduz eginda be, zure bihotz
ona legez. Zure berbek probokatu egiten eben, baina inoiz ez eben kondenetan.
Kontsolatu egiten eben nahigabetua eta transformatu egiten ebezan guztiak.
"Arimak zulatzen dituen argia eta kontsuelorik handienaren iturria";
hori da Betierekoaren Espiritua; hori izan zinan zu, eta gu geu be, benetakoak
garenean, horixe gara. Eskerrik asko, Jesus, zeure haragi zauritu eta zoriontsu
horretan errebelatu zinalako!
Egun baten esan zenduan: "Ezer ez da lohia Jaungoikoaren
kreazinoan: ez gorputzak, ez janariak, ez jenteak", eta garbitasunaren
zaintzaileek bekokia tximurtu eben. Beste egun baten esan zenduan:
"Zapatua, hau da, Jaungoikoaren Lege guztia, bizitzarako dago eginda, ez
bizitzea Legerako", eta alarmak biztu ziran. Beste baten, Galileako muino
berde baten ganean, baserritar errentadoreak, jornalariak eta arrantzale
errukarriak inguruan zenduzala, esan zenduan: "Zorionekoak zuek pobreok,
laster ez zarielako pobre izango. Zorionekoak zuek negarrez zagozenok, laster
jai egingo dozuelako. Zorionekoak zuek otzanok eta baketsuok, Jaungoikoaren
seme-alabak zarielako, eta otzantasuna eta bakea indartsuagoak dira biolentzia
eta armen indarra baino". Entzun ebenean hori Pilato prokuradore
erromatarrak eta Herodes Antipas erregu judu basailuak, kezkatu egin ziran.
Baina zuk bildur barik segidu zenduan. Udabarriko lehenengo
iretargia hazten joiala, zure dizipuluakaz batera Jerusalemera joan zinan
Pazkua ospatzen, Sanedrina konbertitzen edo probokatzen, "Jaungoikoaren
erreinua" iragarten edo aurreratzen. Orduan, zure jarraitzaile batzuek
palmondo-abarrak hartu ebezan eskuetan eta goratu egin zinduezan. Pretorioko
guardiak eta tenpluko abadeak artegatu egiten ziran barriro. 35 urte inguru
zenduzan orduan, eta profeten fede eta askatasun guztia, eta Betierekoaren su
eta inspirazino guztia. Eta joan zinan tenplura, askatu zenduzan animalia
errukarriak, irauli zenduzan zergaren ordainketarako dirua aldatzeko egozan
mahaiak, eta esan zenduan: "Bota eizue tenplu hau! Jaungoikoak ez dau gura
tenplurik. Jaungoikoak ez dau gura zergarik, ez sakrifiziorik, ez abaderik, ez
dogmarik. Jaungoikoak askatasuna eta ontasuna gura dau bakarrik. Bota egin
behar da tenplu hau!" Hantxe bertan atxilotu zinduezan. Eta atzean etorri
zana ikaragarria izan zan zuretzat. Lurreko madarikatu guztien suertea sufridu
behar izan zenduan.
Baina guk bedeinkatu egiten zaitugu, Jesus. Gure Anaia
Zauritua zara, eta emozinoz eta esker onez gogoratzen zaitugu egunero. Eta
umiltasunez, ze zein urrun gagozan zugandik! Baina, nahiz eta urrunetik izan, urrunagotik
Pedrok berak baino, zeinek abandonatu egin baizinduzan egun ikaragarri hartan,
eta askoz urrunagotik Magdalako Mariak
eta Kalbarioraino segidu eutsuen beste andra batzuek baino, guk be jarraitu
egin gura deutsugu. Erramu Domeka honetan, Aste Santu honetan, zein ez dan beste
asteak baino santuago, itxiguzu umiltasunez alkartzen jente xume haregaz, zeinak,
ez dakigu esperantzaz beterik edo desesperazinoz, goratu zinduzan Jerusalemeko
kaleetan, jakin barik hain arin eta hain gazte frakasatuko zenduala. Itxiguzu
zure bizitza ospatzen, zure zauriak begitzen, ea zure memoriak konbertitzen
gaituen ontasunera eta esperantzara.
Zu ez zinan etorri jaungoiko odolzale batek bialduta, gure
erruak zure odolarekin garbitzeko. Zu etorri zinan osakuntzearen, onerakuntzearen
denbora barria iragartera munduko izaki zauritu guztientzat, euren artean guretzat.
Denbora horri zuk "Jaungoikoaren erreinua" deitzen zeuntsan. Baina
mundu honetako erregeek, eta hareekaz alkartutako agintari erlijiosoek, ez eutsuen
itxi; atxilotu egin zinduezan, epaitu egin zinduezan, kondenatu egin zinduezan,
torturatu egin zinduezan, kruzifikatu egin zinduezan. Baina zure gorputz
zauritua begitzeak, Jesus, osatu egiten gaitu, salbatu egiten gaitu. Ez gaitu
salbetan zure kurutzeak (madarikatuak izan beitez kurutze guztiak!), ezpada
Jaungoikoagan jarri dogun fedeak, zure askatasunak, zure solidaritate
arriskutsuak. Ez gaitue osatzen zure zauriek, ezpada zure bizitza zoriontsu eta
eskuzabalak, hain eskuzabal eta zoriontsua eze gura izan zenduan zauritu
guztiak osatu, nahiz eta hareek zuri heriotzarainoko zauriak eragin ahal izan, egin
eutsuen lez. Ez gaitu salbetan zure heriotzeak, ezpada zure bizitzeak, hondoratu
eta Betiereko Errukian erne zanak, lurrean hondoratu eta han ernetan dan arto-garau
bat lez, arbola-hazi bat lez.
Jesus, Anaia Zauritua, hazten doa ja udabarriko lehenengo
iretargia. Erramua loran dago ja. Olibak hazten dagoz ja iretargi nimiño modura
olibondoaren gauean, gero ukendu bihurtzeko zaurian, baltsamo bihurtzeko hilobian,
usain gozo bihurtzeko Pazkuan.
Euskeratzailea: Jesus Mari Agirre