Páginas

martes, 4 de octubre de 2011

Mahaia bedeinkatzeko eta lagunekaz jolasteko karta jokoa


Karta Jokoa. Mahaia bedeinkatzeko 42 karta. Erraza zen, baina zail bihurtu zaigu honako galdera xume honi erantzutea: jateari ekin aurretik otoitz egin behar ote dugu?


Urte asko ez direla, erantzuna erraza zitzaigun: bai, dudarik ez. Azken urteetan, haatik, dudak sortzen zaizkigu. Batetik, otoitza bizitza osoan erabili behar dugulako, eta ez dago, beraz, jatearekin hasi aurretik esplizituki otoitz egin beharrik; bestetik, gero eta zailago zaigulako mahai baten inguruan jesartzen garen guztiok sinestunak izatea, eta, horrelakoetan, otoitz egitea inposaketa izan litekeelako; eta azkenik, gero eta sarriagotan etxetik kanpo, eskola edo jatetxe batean kasu, jan behar dugulako, eta horrelakoetan otoitz egitea zelaiz kanpoan aritzea izan dakigukeelako. Tirabira horiek –edo antzekoak– direla eta, gero eta gutxiagotan dauzkagu kontuan katiximak gomendatzen zizkigun otoitz guneak: “Egite onen bat hasten dugun guztian, edo premia, tentazio, edo arriskuren batean aurkitzen garenean. Batez ere ohetik jaikitzean, etxetik irtetean, elizan sartzean, jatorduan, eta oheratzean” (honelaxe Astetek) eta otoitzik gabe geratzen gara. 


Aitzakiak aitzaki, aitortu behar dugu behin baino gehiagotan, sarritan baino sarriagotan otoitza (maitaleen arteko musuak bezalaxe) mesedegarria zaigula (noiz ikusiko, bestela, seme-alabek aita eta ama errezotan?). Otoitz gunetxo zahar horiek ahaztu ahala, maitasun –kristautasun– beroa moteldu egiten zaigu. Dudarik ez, berreskuratu egin behar ditugu asaba zaharren ohiturok. Horretarako Bilboko Elizbarrutiko Katekesirako Ordezkaritzak, Mari Patxi Ayerrak prestaturiko 40 otoitzalditxo eskaintzen dizkigu, nola? eta karta sorta formapean! zein hizkuntzaz? eta euskaraz (gaztelaniaz ere bai). “Karta hauek eskura, familiak jatorduetako darabilen mahaitik hurbil eduki beti. Etxeko txikienak, aitonak edo gonbidatuak... karta bat ausaz hartuko du. Norbaitek astiro-astiro irakurriko du aukeratutako bedeinkapena”. Testuak laburrak dira, politak ere bai, aitzakia ederra apurka-apurka berreskuratzeko otoitza egiteko unetxoak. Arratiako Familia Pastoraltzako taldeak euskeratu ditu kartok.

                                               Sebastian Gartzia Trujillo