Páginas

jueves, 7 de abril de 2011

Gaur 100 urte Lino Akesolo jaio zala

Lino Akesolo Diman, Oban jaio zan, Akesolo deritzan baserrian. Bederatzi urterarte auzoko eskolan ikasi eban, euskeraz ikasi be irakaslea euskalduna zan eta. 1921ean, 10 urteko zala, Zornotzara, Larreara joan zan ikasten. Humanidadeak lehenengo, horren ostean urtebete Markinan eta beste hiru Gasteizen filosofia ikasten. Ostean, Teologia Begoñan dagoala. Eta ikasle zala emon eban Meza barria, 1934an. Ikasketak amaituta, Zornotzako ikastetxe barrira joan zan irakasle.


Gerra etorri zan, eta Aita Lino Eusko gudarien Teniente Kapellau ibili zan Itxasalde batalloian, Matxin taldean. Espetxean be egon zan. Hiru urte kartzelan, eta beste hiru baldintzapeko askatasunean, baina Euskal Herritik kanpora. Kantabria aldetik ibili zan batez be aldi horretan.
1948an teologoen irakasle egin eben, lehenengo Gasteizen eta gero Begoñan, hamazortzi urtez.

Lino Akesolok barru-barruan eukan etxeko euskera, eta haren balioa agertuten eta arakatuten emon ebazan hainbeste urte. Kanpoan hizkuntzak ikasten ibili zan aldia onuragarria izan eban euskera bera ikusi eta estimetako.
Irakurle sutsua izan da, beti libururen bat besapean hartuta. Liburutegi eta liburudendetan sagua lez ibiltekoa zan, jakinguraz beteta.
Zeregin asko bete ebazan kultur arloan. Bizkaiko Eleizbarrutiko Liturgi-Batzorderako izendatu eben 1964an, eta Eleizbarrutien arteko Liturgi-euskeratzaileen taldekoa 1968an, Bizkaikoen buru. 

1963an Euskaltzain Oso egin eben, baina berak uko egin eutsan izendapenari. Dana dala, lagunduteko eta behar egiteko prest agertu zan, eta hainbat batzorde eta beharretan parte hartu eban.
1978an Euskerazaintza sortu barriak taldeko buru egin eban.

Karmeldarren nagusi be izan zan Donostian eta Markinan. Gero Begoñara bialdu eben. Izan be, Diccionario Retana de Autoridades aspalditik hasita egoan, eta horreri ekin eta atzena emoteko asti gehiago euki egian bialdu eben Begoñara. Hiztegi hori lan handia da, eta berez Aita Linoren izena euki behar leuke, bera izan zalako gehien-gehien egin ebana. Azkueren hiztegiaren ostean, hiztegigintzan pausurik handiena hori izan zan duda barik bere garaian. Behar handia, zehatza, gaurko bitarteko barik egindakoa, eta betiko erreferentzia izango dana.

Lino Akesolok asko eta asko idatzi eban, baina batez be artikuluak. Horregaitik, bere lana batean eta bestean zabalduta dago. Karmengo Argia, Karmengo Egutegia, Karmel, Zeruko Argia, Zer, Euskera, Olerti, Egan, RIEV eta beste hainbat aldizkaritan argitaratu ebazan artikuluak. Eragozpen hori ikusita, Karmel-en arduradunek, artikulu guztiak batu eta ale bitan atara ebezan Idazlan guztiak izenagaz. Euskera eta euskal kulturaren adar guztiak erabili zituan Lino Akesolok bere idazlanetan, beti zorrotz eta artez. Behin baino gehiagotan entzun dot “Aita Linok hori badino kontuz, zeozergaitik izango da eta”. Ez zan aiko-maikotan eta koipekerietan ibiltekoa, gauzak berak ikusten zituan moduan esaten zituan, beti zehatz, argi eta zentzun handiz.

Euskal idazle zaharrak ondo aztertuta eukazan, mugaz bestaldekoak zein hemengoak. Euskalki guztiak ondo be ondo menperatuten zituan, eta literaturan be aditua zan guztiz.

Aita Linok itzulpenak be egin ebazan hainbat. Gehienak bere izenik barik dagozanez ezin da jakin zer egin dauan, baina asko eliz-gaiak dira. Esaterako, entzute handikoak dira Iratzederrek euskeratutako Salmoak berak bizkaieraz zelan egokitu zituan, Santa Teresaren idatziak itzuli ebazan, eta beste batzuk.

Horrez ganera latin, frantses, aleman eta inglesetik asko itzuli eban gaztalaniara, aldi baten hemen barriak ziran filosofo eta pentsalarien lanak berak ekarri zituan hona erderatuta.

Hainbeste behar egin eban Aita Linok euskeraren alde, eta hori dala ta, hainbat omenaldi egin eutsezan han-hor-hemen: 1984an Bizkaiko Eleizbarrutiko eleiz-gizonek, 1987an Labayru Ikastegiak, 1989an Bizkaiko Aldundiak, 1989an Dimako herriak, Euskerazaintzak eta Euskerazaleak alkarteak, 1989an Eusko Jaurlaritzak Euskal Letretako Merezimenduko Saria emon eutsan, eta datorren astean herrian, Diman, gogoratuko dabe.

Idatzitxo hau be haren omenerako izatea gura geunke. Eta amaituteko, bere burua sortzailetzat ez eukan arren, idatzi polit-polit baten zatitxo bat ekarriko dogu hona, Atx-osterik atx-ostera (1967).

Atxostekoa naz eta Atxostera nator.
Arratia-aldeti Durango-aldera, bitartean diran atx-tontor laño-zaleen ganeti, Izurtzara luzatu nai dot eskua, ango seme argi batek eskintzen deuskun euskal-liburu barri au esker onez artzeko.
Niretzat txikitarik izan da entzuna Atxoste. Atxostekoa zan nik neure auzoan euki neban lehenengo eskola-maixua, Otamotxa ezizenez. Atxoste-aldeti ekarten euskuen umeari Marie Basoko-ren ogia. Atxosteti agertzen zan, astean bein edo, asto ganean, ogi zuridun andrea, lenago emendik ara joana. Atxosteti etorten jakun, urtean birritan gitxienez, gaztedi urduria, santzoka ta kantari, auzoko jaiai bizitasuna emoten.
Zer zan guretzat Atxoste? Erbestea, edo beintzat munduaren bestaldea. Gure mundua egunero begien aurrean ikusten genduana zan: gure erria baño askoz geyago ez. Mundu orren azkenengo mugak: Gorbea ta Orozko-aldeko mendi-errezkadak bateti, Serantes ta Ganekogorta, besteti, eta an, urrin baten, Burgos-aldera edo, lausopean galtzen ziran lurren baltzunea, guretzat izen bakoa.
Urteak igarota, Durango-aldean nintzala, barreak emon eustan Atxoste izen ori entzunda. Nik Atxosten nintzala uste, eta neu nintzan an Atxostekoa, bestaldekoa “Ara, ba, esan neban nik, erri batekoak gara guztiok emen. Zuek, atxostekoak, gu bere bai”.
Izenez bat gareanok, orraitio, ez gara alkartasun txarrean ibilli. Gure arteko mendi ta atxak eztira muga izan, bide ta zubi baño. Lenago etzan oraingo moduan; baterik bestera joateko lenago etzan iñor zelairik zelai Lemoatik zear joango; artez artzen eben mendi-bidea. Olantxe izan da oraintsurarte. Or dagoz oindiño mendiko bideok, ainbeste oiñek zapaldu ta sakaturik antxiñarik egiñak. Eta oñak bakarrik ez; lekuan lekuan, burriñea ta sutautsa be erabilli bear izan ziran bidea urratzeko.
Mendian zear ibilli oi ziran gure antziñakoak. Olantxe egin ebezan ainbeste ezaupide, eta alkar ezagutuaz, ainbat ezkontza be bai, alderdi bi onein arteko lokarriak estuago ta maitagarriago egiteko.
Izen bi aitatu nai ditut emen Atxosterik Atxostera beñola ibilli ziranenak: Pedro Madariaga, ta Durangoko Zidargiñenak.”

Igone Etxebarria

No hay comentarios:

Publicar un comentario