Páginas

jueves, 17 de marzo de 2011

Bakea eta giza eskubideak: Jon Landa Igorren barikuan 7.30etan

Martiaren 18an eta aprilaren 1ean, Jon Landa eta Joxe Arregi izango dira, hurrenez hurren, Igorren berbaldi bana emoteko: Landak Bakea eta giza eskubideak gaiari helduko deutso eta Arregik, Jesusen barri ona XXI. menderako gaia jorratuko dau. Garizumako egitarauen barruan antolatu dauz Arratiako eleizeak berbaldi biak, beste ekintza batzuekaz batera. Hitzaldiak Igorreko Parroki Aretoan izango dira arrastiko 19:30ean.


Jon Landa 2006tik Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendaria izan zan  Ibarretxeren gobernuan eta gaur egun Euskal Herriko Unibertsitatean irakaslea da. Gatazkak dagozan tokietara (Hego Afrikara eta Irlandara…) asko bidaiatu dauan aditua da, eta giza eskubideen gaia nazioarte mailako hainbat forotan landu dauz, besteak beste Nazio Batuen Erakundearen (ONU) batzordean.

Igorreko berbaldian Jon Landak honako gaiak aztertuko dauz: bakegintzea eta giza eskubideak; giza eskubideen bilakaera historikoa eta diagnostikoa Euskal Herrian, puntu gorriak non dagozan argituz: oroimen historikoa, presoak, torturea, ETAk eragindako biktimak eta beste biktimak.

Jon Landa hitzaldi bat emoten


Bigarren berbaldia, aprilaren 1ekoa, frantziskotar frailea eta teologian doktorea dan Jose Arregiren eskutik izango da. Arregi azken aldian ospetsua egin da Munilla Gipuzkoako gotzainagaz izan dauzan gorabeherengaitik, baina lehenago be lan isil eta amaierarik bakoa egindakoa da. Gaur egun, domekero idazten dau gogoeta bat DEIA egunkarian.

Joxe Arregik aztertuko dauan gaiaren izenburua honako hau da: Jesusen barri ona XXI. menderako.

Bi berbaldi honeez gain, aprilaren 9an, zapatuan,  Ziortzan izango dan Bakearen Aldeko III. Ibilaldira joateko bi autobus aterako dira Arratiatik. Aurtengo Bakearen Aldeko Ibiladiaren lema honako hau da: “Emon bidea bakeari”. 

Igaz 2000 lagun inguru alkartu ziran Arratia, Durangaldea, Gernikaldea eta Lea-Artibai eskualdeetatik. Joan gura dauanak bere herriko parrokian emon beharko dau izena. Autobusaren prezioa 5 €koa izango da, eta gura dabenek Oletan bazkaltzeko (paella, lebatza plantxan, txuleta erdia, etxeko tarta eta gozokia, ardo errioxa eta kafea) aukerea be izango dabe, bazkaria 23 € ordainduz;  umeek prezio erdia ordainduko dabe jatekoa.

Jon Urutxurtu

No hay comentarios:

Publicar un comentario